Aita Terreros

Biografia

 

Esteban de Terreros y Pando, S.J.

Turtzioz, 1707ko uztailak 12 - Forlì, 1782ko urtarrilak 3

 

 1707ko uztailaren 12an, Turtziozeko (Bizkaia) San Pedro de Romaña parrokian, Diccionario castellano con las voces de ciencias y artes y sus correspondientes en las tres lenguas francesa, latina e italiana lanaren egilea bataiatu zuten, Esteban de Terreros y Pando Enkarterriko jesuita polifazetikoa, "sin duda, la figura más destacada de la lexicografía del XVIII" (zalantzarik gabe, XVIII. mendeko lexikografiako irudi aipagarriena)i.

 Esteban Isabel de Pando Puentek eta Esteban de Terreros Ahedok izandako zazpi seme-alabetako azkenaurrekoa izan zen. Familia diruduna zen eta Turtziozen erro sakonak zituen. Oinarrizko ikasketak sorterrian egin ondoren, aita hilda zuela, Madrilen zuen osaba batek bere babespean hartu zuen, eta bertan latinitatea eta erretorika ikasi zituen.

Hogei urte zituela, Jesusen Konpainian sartu zen, eta nobiziotza eta ikasketa klasikoak Villarejo de Fuentesen (Cuenca) amaitu ondoren, hiru urtez filosofia ikasi zuen Oropesan (Toledo) eta lau urtez teologia Alcalá de Henareseko Unibertsitatean. 1739an apaiz izendatu zuten Alcalá de Henaresen (Madril) eta 1744an Boto Nagusi eta Handiak egin zituen -obedientzia, garbitasuna, txirotasuna eta obedientzia Aita Santuari-. Irakasle aritu zen -latina, erretorika, matematika eta politika- Real Seminario de Nobles eta Colegio Imperial izenekoetan, biak Jesusen Lagundiaren ikastetxeak Madrilen.

 1767ko otsailaren 27an, Karlos III.ak jesuitak Espainiako Monarkiaren lurraldeetatik kanporatzeko dekretua berretsi zuen. Horren ondorioz, apirilaren hasieran, Toledoko Probintziako jesuitak, besteak beste Esteban de Terreros y Pando, Cartagenako (Murtzia) portura eraman eta bertan ontziratu zituzten Civitavecchiara joateko (Italia). Aita Santuak jesuitak Estatu Pontifikaletan onartzeari uko egin zion eta, beraz, berriro ere itsasora jo behar izan zuten, Korsika uharterantz, ezegonkortasun politikoan eta gerra-giroan murgilduta zegoena.

 Irailaren amaieran, bost hilabetez nabigatzen ibili eta gero, Toledoko Probintziako jesuitak Ajacciora (Korsika) iritsi ziren. Hiri horretan egon zen urtean, Aita Terrerosek, "gela edo ganbara estu bat bizileku zuela", han inguruan zeuden "liburutegi partikular urri eta hala-holakoak" bisitatu eta "Gramática italiana y española idatzi zuen", eta urte batzuk geroago lan hori Italian argitaratu zuen.

Jesuitek Korsikan zuten bizimodu deserosoak  beste gerra-olde baten ondorioz okerrera egin zuen, 1768ko martxoaren 15ean uhartearen subiranotasuna Genovako Errepublikak Frantziako erregeari saldu baitzion. Aita Santuak Karlos III.ak kanporatutako jesuitak Estatu Pontifikaletan onartzea erabaki zuen, eta jesuitak 1768ko udazkenean eta 1769ko lehenengo hilabeteetan ezarri ziren. Toledoko Probintziako jesuitak Forlì hirira (Italia) bidali zituzten. Romaña edo Erromaina izeneko eskualdeko hiri honetan, Aita Terrerosek bizitzako azken hamalau urteak egin zituen, eta Gortean (Madril) bizi zenean zeuzkan bitartekoak ez zituen arren, lan intelektuala egiten jarraitu zuen ia-ia hil arte.

 1774an, Jesusen Konpainia Klemente XIV.aren Dominus ac Redemptor izenekoaren bidez desegin ondoren,  Esteban de Terreros y Pando apaizaren osasunak okerrera egin zuen, eta urte bereko martxoaren 4an testamentua egin zuen, hurrengoa ezarriz: "se funde ... en la Parroquial de San Pedro de Romaña, donde fui bautizado, un Aniversario perpetuo, con su Misa Minerva..." (San Pedro de Romaña parrokian, bataiatu ninduten lekuan, etengabeko urteurrena egin dadila, Minerva mezarekin...). Eta ongintzazko ekintza hori Madrilen utzitako gauzetatik (lanak, liburutegia...) lortutako diruarekin finantzatu beharko litzateke.

 Hainbat gaixotasun izan ondoren, 1782ko urtarrilaren 3an hil zen, Esteban de Terrerosek 74 urte zituela. Italiako prentsan eman zen heriotza horren berri. Forlìko San Mercurial eliza nagusian hilobiratu zuten, epistolaren nabean, S. Andrés Avelinoren aldarearen aurrean.

 Irakaskuntza-lanarekin batera, beste alderdi batzuk ere azpimarratu behar ditugu: lexikografoa, filologoa, itzultzailea eta hizkuntzen pedagogoa izan zen, eta horren erakusle dira argitaratutako eta argitaratu gabeko lanak:

 Eta Noël Antoine Plucheren lanak itzuli zituen frantsesetik:

Bizkaitar polifazetiko honen alderdi ugarien artean, elkarri lotuta dauden bi azpimarratu behar ditugu: itzulpena eta lexikografia. N. A. Plucheren lana itzultzeko lan lexikografikoa egin behar izan zuen, eta horren emaitza da Diccionario lana, adituen esanetan, "como el más importante diccionario del siglo XVIII, tanto por recoger el léxico general y el científico y técnico, como por el carácter marcadamente enciclopédico que dan las minuciosas descripciones hechas por su autor en cada artículo" (XVIII. mendeko hiztegi garrantzitsuena, lexiko orokorra zein zientifiko eta teknikoa jaso zituelako, eta egileak artikulu bakoitzean deskripzio zehatzak egin zituenez izaera entziklopedikoa duelako)ii. XVIII. mendean Europan egin ziren hiztegiekin berdindu daiteke. Lana gizon bakar baten ahaleginaren eta iraunkortasunaren emaitza izan zen, Aita Esteban de Terreros y Pandorena hain zuzen.

 Diccionario castellano lana egile garaikideek goraipatu zuten, kontsultarako lana da, gero etorri ziren lanen iturria eta ikerketa gaia. 2005ean Espainiako Zientzia eta Teknologia Fundazioak (FECYT) Esteban de Terreros Nazioarteko Saiakera Saria jarri zuen abian.

 

M.ª Carmen Santa María García*

 


[i] ÁLVAREZ DE MIRANDA, Pedro: "El Padre Terreros, antes y después de la expulsión". In TIETZ, Manfred eta BRIESEMEISTER, Dietrich (arg.): Los jesuitas españoles expulsos. Su imagen y su contribución al saber sobre el mundo hispánico en la Europa del siglo XVIII. Actas del Coloquio Internacional de Berlín (7-10 de abril de 1999), Frankfurt am Main/Madrid, Vervuert/Iberoamerica, 2001, 45-75 or. (aipamena hemen: 47 or.).

 [ii] LÁZARO Y CARRETER, Fernando: Las ideas lingüísticas en España durante el siglo XVIII, 2. ed., Barcelona, Crítica, 1985, or. 286.

 

 

* Testu hau, aldaketa txikiren batekin, Turtziozko Udalari eman zitzaion 2007ko azaroan, herritarren artean banatzeko.

 

 

 

 


Copyright © 2017 Euskaldok